2009/08/04

Martxan da festa ez sexisten aldeko kanpaina

Donostiako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza Atalak, bigarren urtez jarraian, kanpaina bat antolatu du jaietan eraso sexistei aurre egiteko eta herritarrak sentsibilizatzeko desberdintasunaren ondorioz emakumeek eta gizonek jaiak bizitzeko duten modu desberdinaren inguruan.


Aurten, emakumeei transmititu nahi izan zaie izan dezatela indarra eta beren buruarenganako konfiantza jazarpenei eta erasoei aurre egiteko orduan. Biktima ahulen irudia ematetik urrun eta nesken eta emakumeen mugitzeko askatasuna mugatzen duten neurrigabeko zuhurtzia mezuak transmititzetik urrun, asmoa da emakumeak animatzea beren burua defenda dezaten, hala nahi ez dutenean ezetz esan dezaten eta, azken batean, askeago eta seguruago senti daitezen gauez irteten direnean.


Kanpaina, batez ere, emakume gazteentzat da, gehiago irteten baitira gauez eta eraso sexista gehiago pairatzen baitute inguruabar horretan. Kurioski, neska nerabeak mutil adiskideen aldean pairatzen duten desberdintasunaz jabetzen hasten dira ikusten dutenean gurasoek haiei baino gutxiago uzten dietela irteten, beti eraso egingo ote dieten beldur. Jaietan irteten diren neska gazteen sektore horrengana iristeko, irudi fresko bat hautatu da, beren burua identifikatzeko modukoa, eta hizkera erraza, haiei buruz buru hitz egiten diena.


Horretarako, Uma Thurmanek Kill Bill filmean jokatzen duen pertsonaian inspiratutako kanpaina bat sortu da: ez du behar inork salba dezan, berak primeran aldezten baitu bere burua. Kanpainako elementuei ez zaie umorerik falta, oso terapeutikoa baita umorea halako kontu serioak, nola baita indarkeria sexista, jorratzeko orduan. Esate baterako, elastiko horien bidez Kill Bill pertsonaiarekin identifikatzea lortu nahi da, eta lelo hau irakur daiteke: "Ezetz da ezetz". Elastikoa hodi batean banatuko da; hodi horren bidez, Umak Hattori Hanzoren katana, mendekatzeko erabiltzen duen hori bera, gordetzen duen zorroa irudikatu asmo da. Eta, azkenik, liburuxka bat banatuko da, emakumeei erasoak saihesteko edo erasoei hobeto aurre egiten laguntzeko aholku baliagarri batzuk emateko.

Material horiek kalean banatuko dira Aste Nagusian. Autodefentsa feministaren ikastaroak egin dituzten emakume gazte batzuk arduratuko dira interesatuta dauden neskei kanpaina azaltzeaz, eta haiei emango zaizkie elastikoa duen hodia eta liburuxka. Elastikoaren bidez, "Ezetz da ezetz" mezua han-hemen zabaltzea espero da; izan ere, elastikoa jartzen duten neskek, inolako erasorik onartzen ez dutela baieztatzeaz gain, beste emakume batzuk gauza bera egitera animatuko dituzte, eta gizonei ohartaraziko diete ez daitezela pasa.




Kanpaina diseinatzeko, Maite Monroy autodefentsa feministaren esparruko aditu ezagunaren laguntza izan da, eta hark idatzi ditu testuak eta aholkuak. Autodefentsa feminista “defentsa pertsonala” deitutako teknikak baino askoz ere gehiago da. Guztiz bestela, emakumeen aurkako indarkeriaren erro matxistak ezagutzea dakar ondorio; izan ere, ez da zerbait "pertsonala”, gutxi batzuei gertatzen zaiena, baizik eta egiturazko indarkeria bat, emakume guztien aurkakoa eta emakume guztiei eragiten diena, nahiz eta zuzenean erasorik pairatu ez, horren beldurrak emakume guztien askatasuna mugatzen (edo mugatu asmo) baitu. Maite Monroyk nabarmentzen du gizonengandik ez dugula behar zaldunik eta salbatuko gaituen superheroirik. Elkartasuna behar dugu, eta jarrera eta jokabide matxisten bidez indarkeria zeharka justifikatzeari utz diezaiotela.


Kanpaina bi elementu hauek osatzen dute: Donostiako hainbat kaletako faroletan jarriko diren banderatxoak, Aste Nagusi osoan gogorarazteko Udalak eraso sexistarik gabeko hiri baten aldeko konpromisoa hartu duela, eta ostalaritzako establezimendu ugaritan eta txostenetan doan banatzen ari diren “Ezetz da ezetz, Emakumeen kontrako biolentziarik ez” lelodun ezpainzapiak. Modu horretan, herritar guztien elkartasuna eta eraso sexisten kontrako kontzientzia izan dezaten lortu nahi da, hasieratik erauz daitezen; izan ere, Monroyk gogorarazi duen bezala, beti hasten dira modu sotilean.

No hay comentarios: