2009/11/16

Soft Fiction Okendo Kultur Etxean


Pasa den ostiralean (azaroak 13) "Soft Fiction: Indarkeriari, generoari eta eta globalizazioari buruzko kultur kontakizunak" bideo erakustaldia zabaldu zen. Erakustaldia izen bera duen proiektu zabalago baten baitan dago; Donostian, Bilbon eta Gasteizen datozen asteetan gauzatuko den proiektua, hain zuzen ere.

Donostiaren kasuan, Okendoko areto historikoan ikusgai egongo diren zortzi pelikula esperimental eta feministaz gain, hiru hitzaldi izango dira pelikulen egileekin, eta aretoak, pelikulak patxadaz ikusteko aukera emateaz gain, jendearen esku jarriko ditu hainbat material (liburuak, testuak, eskuorriak), biolentziaren inguruan.

Jarraian kopiatzen dugu informazioa hitzaldiei buruz. Adi egon lehenengoa gaur bait da! ;-)

SOFT FICTION: INDARKERIARI, GENEROARI ETA GLOBALIZAZIOARI BURUZKO KULTUR KONTAKIZUNAK

Okendo Kultur Etxea, areto zaharra
Azaroaren 13tik abenduaren 4a arte

Donostiako Udaleko Berdintasun eta Lankidetza Atalak Consonnirekin antolatua Donostia 2016 Hautagaitzaren Bulegoaren laguntzaz.

BIDEO PROGRAMAZIOA

Film eta elkarrizketa programak erlazio gatazkatsu bat fokatu nahi du, errepresentazioaren eta ikusiko dispositiboen artean, arte ariketen, generoaren eta indarkeriaren artean dagoena. Botere erabilerak Ikusizko Kulturaren diskurtsoan genero indarkeria errealaren eta sinbolikoaren esperientziari eragindakoaren zimur sakonen irakurraldi kritikoa.
Bisitaldi gidatuak

Bideo ziklo hau erakustareto eraldatu batean gauzatzen da, pelikulen euren narratibei erantzuteko etxekotutako batean. Nagore Iturrioz aktibista feminista arduratuko da proiektua ezagutu nahi duten emakume elkarte eta taldeen bisita gidatuaz eta hizlarien itzulpenez.

EMAKUME ERREALIZATZAILEEKIKO ELKARRIZKETAK:

  • Azaroak 16, 18:30etan. Mujeres Creando taldeak "Amazonas: Mujeres indomables" azaroaren 16ko 18:30etan haien azken lana erakutsiko dute.
  • Azaroak 23, 20:00etan. Virginia Villaplanak bideo erakustaldia aurkeztuko du, eta Sandra Schäfer-ek Passing the Rainbow bere filmaren nondik norakoak azalduko ditu.
  • Abenduak 3, 19:00etan. Habida Djahnine errealizatzaile aljeriarrak "Lettre a mon soeur" bere filma aurkeztuko du.

PROGRAMATURIKO FILMAK

  • The Peacekeepers and the Women Die Helfer und die Frauen
    Zuzendaria: Karin Jurschick
    Urtea: 2003

    The Peacekeepers and the Women filmaren gaia indar armatuak eta erakunde politikoek arazoak —neurri batean, haien erru direbak— konpontzeko egiten dutena da. Auzia: Emakume trafikoa eta geroko sexu zapalkuntza behartua. Trafficking-a, prostituzioan jardutera behartutako emakume eta neska salerosketa, Kosovon eta Bosnia-Herzegovinan gorabidean doan industria bihurtu da. Herri haietako armadetako eta hara izendatutako agentzia humanitarioetako kideak dira, besteak beste, bezerorik ahalmentsuenak.
    Biktima/delitugile ohiko ikuspegiari saihets eginda, pelikularen muina da elkarrizketatuek filmatu aurretik haien buruaz egindako aurkezpena, bakoitzak gaiaz nola hitz egiten duen.

  • Giza ahotsa
    Zuzendaria: Maria Ruido
    Urtea: 1997

    Giza ahotsa, 1997an egindako bideo ekintza hau hizkuntz indarkeriari buruzko lana da, hitzaren erabilerari eta adostu gabeko premisa inposatuen gainean eraikitako diskurtsoen operakortasunari buruzkoa. Miguel Cerecedaren El origen de la mujer sujeto (1996) liburuko zati bat abiaburu —idazleak zenbait hizkuntz lurraldez eta halakoen lotura generikoaz dihardu—, proiektu honek emakumeen ahotsaz hausnar egiten du (beti haiena ez den ahotsa, sarritan era estereotipatuen isla hutsa baizik), eta gorputza/lengoaia fusio bat proposatzen du —diskurtsoaren birmaterialtzea—, lurralde hibrido hedatua sortuko duena, paradigma hegemonikoen asimilazio hutsetik harantzago, baina baita isiltasun hutsaren jarrira historiarik gabetik urrun ere.

  • Nice Coloured Girls
    Zuzendaria: Tracey Moffat
    Urtea: 1987

    Anbizio estilistiko handia duela, Tracey Moffatek era ausartean arakatzen du hasieratik gizon zurien eta emakume aborigenen artean, kolonizatzaileen eta hango emakumeen artean eratu zen zapalkuntza harremana, baita gaur egungoa ere, non emakume aborigen modernoak ahalegintzen diren euren zoria hiri inguruan aldarazten. Irudia, soinua eta testu idatzia konbinatuta, filmak emakume aborigenen ikuspegia helarazten du, euren kontzientzia zapalkuntzak eta isiltasun behartuak modelatuta jarraitzen duela erakusteaz batera. Emakumeak halako gizonen biktima ez diren arren, egun emakumeek harrapatuta jarraitzen dute beharrizan ekonomikoaren ondorioz.

    Nice coloured girls filmak inteligentzia handiz darabil irudien eta kolonizatzaile baten egunerokoaren off ahotsaren justaposizioa orain arte indarrean dagoen "zinemagintza aborigena" generoa zalantzan jartzeko. Hala, film etnografikoak aipatzen ditu azpitituluak erabilita, eta "berreraikuntza errealistak" izenekoen klixeak alde batera uzten ditu estilo ariketen bidez. Aborigenen artearen aurkez europarrek paisaia australiarraz egindako interpretazioak jartzen ditu. Filmak gogora dakartza Australia beltzari, sexualitateari eta emakume kontuei buruzko galderak. Umorea, dotorezia eta emetasuna darabiltzala, Moffattek era dirdiratsuz hausten du neska ona/neska txarra dikotomia klasikoa, eta sedukzio, indarkeria sinboliko eta ilusio joko bihurtzen du.

  • Passing the Rainbow
    Zuzendaria: Sandra Schäfer eta Elfe Brandenburger
    Urtea: 2007

    Passing the Rainbow dokumentalak Afganistanen nagusi diren arau sozial estu-estuak iraultzeko metodoez dihardu, nahiz eguneroko bizitzan, nahiz bizitza politikoan izaten den jokabideari dagokionez.
    Zer ondorio dakar gizon itxura hartzeak lan merkatuan lana lortu eta, hala, emakumeok Afganistango gizartean duten lan debekuari saihets egiteko? Geure buruari galdetu behar diogu zergatik erabakitzen duten emakumeek antzeztea, afganistandar gehienontzat lanbide hori ohoregabea dela jakinda. Emakume horietako askok ez dute beharrezko prestakuntzarik eta, beraz, inprobisazioa maiz gertatzen da haien antzezpenetan; horrek, bestalde, sormena askatzeko oina ematen die. Haien rolaren ondorioz, emakumeek beren burua zuritu behar izaten dute lan egiten dutelako, bai haien senideen aurrean, bai gizarteko gainerakoen aurrean.
    Passing the Rainbow filmak emakume antzezleen eguneroko bizitzatik marrazturiko eszenak erakusten ditu, beraz, sexuen arteko harremanak islatzen ditu. Metodo honen bidez fikziozko eszenatokiak bideratzen dira, adierazterakoan, errealitatea gainditzen dutenak.

  • Mujer trama
    Zuzendaria: Virginia Villaplana
    Urtea: 1997

    Pieza honek erraz eta indartsu laburtzen ditu bizi gaituen gizarte mediatikoan irudia ikuskizun bihurtzeak emakumearen gorputzaren tratamenduan eta balioespenean dituen ondorio zitalei buruz Virginia Villaplanak dituen kezka asko laburtzen ditu. Ariketaren jatorria publizitate irudi bat da, hedabideetan moda saltzeko argitaraturikoa, emakume gazte eta, itxuraz, erasoa paraje urrun batean bertan behera lagata aurkezten duena.

  • Writing Desire
    Zuzendaria: Ursula Biemann
    Urtea: 2000

    Writing Desire filmak Interneteko gorabideko "emaztegaien merkatua" (bride market) eta gutun elektroniko eta erotikoen beste modu batzuk arakatzen ditu. Bideoak ziberespazioa merkatu, kontsumitzeko eta emakumearen gorputza eta desioa berridazten diren toki moduan ikusten du. Erakusten duenez, posta elektronikoak eta Internetek harreman espazio erotizatua sortu dute, termino sexual eta ekonomikoetan definitua. Espazio elektroniko trinkotuan, norbera nozioak eraldaketak jasaten ditu; mugak, generoa eta sexualitatea auzietan ere eragina dutenak. Arintasunari eta berehalakotasunari esker, komunikazio elektronikoa erromantikoak omen diren hartu-emanak ezartzeko berebiziko tresna bihurtu da.

    Mendebaleko munduan askok Interneteko harremanak gauza alaitsu eta dibertigarri moduan bizi dituzten arren, ekonomia ahuletako emakumeek aukeratzat jotzen dituzte, eta gizon zuria erredentzio ikur moduan ikusten dute, pobreziatik irteteko baliabide moduan. Haien mezu elektronikoek asmo bakarra dute: mendebaldera migratzea. Haien idatzietan desira erromantikoaren diskurtsoak bizirik jarraitzeko desioarekin nahasten dira. Gorako "emaztegaien merkatuak" argiro erakusten du nola komertzializatzen ari diren emozio eta sexu sentipenak ekonomi desoreketan oinarrituriko botere eskemaren barruan.

  • Carta a mi hermana
    Zuzendaria: Habiba Djahnine
    Urtea: 2006

    Habiba Djahnine errealizatzaile eta idazle aljeriarrak, feminista militantea dela, 1995ean haren ahizpa Nabila, emakumeen eskubideak defendatu eta sustatzeko Thighri N’tmettouth (Emakume garrasia) elkartearen burua, nola asasinatu zuten kontatzen du. Habiba 10 urte beranduago Tizi-Ouzou-ra itzuli da, asasinatzea burutu zuten hirira, aljeriarrak banatzen dituen konfliktoak erantzun moduan indarkeria eta masakrea beste erantzunik zergatik ez duen izan jakin nahian.

  • Amazonas: Mujeres Indomables
    Zuzendaria: María Galindo de Mujeres Creando.
    Urtea: 2009

    Munduko nazio guztietan —ipar nahiz hego, sortalde zein sartalde—, munduko kultura guztietan —mendebaldeko nahiz ekialdeko—, indigenen artean zein bestelakoen artean ere… gizonek emakumeen aurka darabilten indarkeriak ehunka mila emakume hil eta zauritzen ditu. Lan honek Buenos Aireseko errebaletan bizi diren emakume emigranteek eratutako Amazonas kolektiboaren esana, gorputza eta jarduna berreskuratzen ditu. Zinez espero dugu emakume haien jakinduria handik mundu osora zipriztintzea. Emakume menderakaitzak, euren esanekin errebolta, poz solidarioa eta askatasuna pizten dituztenak.

  • Women videoletters- a second text on war & globalization
    Zuzendariak: Renate Lorenz, Malou Bülow, Nadja Damm, Karin Kasböck, Christine Lamberty, Tania Eichler, Karin Michalski, Anne Frisius
    Urtea: 2004

    Bideo labur edo "gutun" bilduma da, hainbat herritako aktibistek, errealizatzaileek eta artistek 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren izandako ondorio belikoen aurreko erreakzio moduan bidaliak: Afganistango eta Irakeko gerrak, baita beste ondoren batzuk, esate baterako, Alemanian eta Estatu Batuetan inposaturiko kontrol neurri arrazistak.

    Women Videoletters-ek agerian utzi nahi duenaren arabera, gerrak genero hierarkietan edo arau heterosexualetan ondorioak izaten ditu, eta hierarkiak horiek gerraren beraren oinarri ere bihur daitezke.

    Videolettersen edizio honek AEB/Irak, Israel, Holanda/Argentina, Chiapas, Palestina, Pakistan, Turkia, Uruguai eta Alemaniako emakumeen adierazpenak jasotzen ditu.

No hay comentarios: